Herritarren Batzarrak diseinatu eta inplementatzeko gida
  • Hitzaurrea
    • Zergatik antolatu Herritarren Batzar bat?
    • Zergatik funtzionatzen dute Herritarren Batzarrek?
    • Herritarren Batzarren adibideak
    • Batzarkideen testigantzak
  • 1. Batzarraren aurretik
    • 1.1 Arrakastarako baldintzak
    • 1.2 Gobernantza: taldea osatzea
    • 1.3 Ebaluazioa prestatzea
    • 1.4 Batzarra diseinatzea
    • 1.5 Zozketa prozesua: zozketa eta estratifikazio bidezko hautaketa
    • 1.6 Ikasketa eta informazioa prestatzea
  • 2. Batzarrean zehar
    • 2.1 Batzarkideei harrera egitea
    • 2.2 Ikasketa eta deliberazioa erraztea
    • 2.3 Gomendioak idaztea eta bozkatzea
    • 2.4 Gomendioak entregatzea
  • 3. Batzarraren ondoren
    • 3.1 Jarraipena
    • 3.2 Batzarkideen ondorengo zainketa
    • 3.3 Hurrengo urratsak eta instituzionalizazioa
  • Baliabideak
  • Glosarioa
  • Zure ekarpenak
Gora itzuli Dokumentazio honen datuak
02

Batzarrean zehar

2.1 Batzarkideei harrera egitea

Batzarkide izateko hautatuak izan direla baieztatzen zaien momentutik, batzarra eta ondorengo jarraipena amaitu arte, batzarkideei ahalik eta esperientzia onena eskaini behar diegu eta ongietorriak direla sentiarazi behar ditugu.

Nola egin harrera batzarkideei?

Hautaketa behin burututa, luzatu deialdia batzarkideei etorriko direla baieztatzeko. Eman aukera azken zalantzak argitzeko eta mantendu itzazu datozen urratsen jakinaren gainean momentu oro.

Aurrez aurre bildu aurretik, bidali batzarkideei jorratuko duten gaiaren inguruko informazio gehigarria, irakurri behar duten informazio kita, batzarraren bileretarako gaien zerrenda eta beharrezkoak diren xehetasun logistikoak.

Gonbidatu batzarkideak plataforma digitalera sartzera. Bertan aurkituko dute gaiari buruzko informazio gehiago, gainerako batzarkideekin harremanetan jartzeko aukera izateaz gain.

Antolatu batzarkideek elkar ezagutzeko denbora bat, birtualki edo aurrez aurre, batzarra hasi aurretik, taldeari ongietorria emateko. Taldea indartzeko jarduerak lagungarriak dira batzarkideen arteko kohesioa sortzeko, eta, ikerketen arabera, konplexutasuna hobe lantzen laguntzen dute ere.

Zer jakin behar dute batzarkideek komunikabideekiko harremanari buruz?

Baliteke kazetariak edo presio taldeetako (lobby) kideak batzarkideengana hurbiltzea, batez ere estatu mailako batzarretan parte hartzen ari badira. Hori gertatzekotan zer egin behar duten azaldu behar zaie: batzarra abian den bitartean eztabaidatu ahal diren eta ezin diren gauzak, eta noiz jakinarazi behar zaion batzarreko proiektuaren taldeari horrelako interakzio bat.

Kazetariekin hitz egitean, batzarkideak:

  • Ez dira emaitzak aurrez partekatzen saiatuko eta ez dira batzarraren izenean mintzatuko
  • Beren esperientzia eta itxaropenei buruz arituko dira

Nola lagundu batzarkideei ongietorriak direla sentiarazten, elkartzen direnean?

Estatu eta eskualde mailako batzarretan, batzarkideak herrialdeko edo eskualdeko toki desberdinetatik etorriko direnez, ostatua eskainiko da. Ostatua elkarrekin emango zaie, hotel berean, arratsaldeko jarduera sozialetan edo atsedenaldietan ideiak partekatu eta elkarrengandik ikasteko aukera izan dezaten, hartara taldeko interakzio sozialak erraztuta.

Zein jarduera sozial egin daitezke batzarkideen konfiantza sendotzeko?

Jarduera sozialek batzarkideek elkar ezagutzeko eta konfiantza eta errespetu sentimenduak sendotzeko balio dute. Era berean, deliberazioan eroso sentitzen eta elkarrekin modu eraginkorragoan lan egiten ere lagunduko diete. Antolatu itzazu bazkari partekatuak eta atsedenaldi aktiboak, non batzarkideek elkarrekin hausnartzeko, paseatzeko edo ariketa egiteko aukera izango duten.

Nola lagundu batzarkideei behatzaileen aurrean eroso sentitzen?

Herritarren batzarren osoko bilkuretan, sarritan, ikertzaileak, behatzaileak eta kazetariak egoten dira. Hori apur bat beldurgarria izan daiteke batzarkideentzat. Ideia ona izaten da, prozesuaren hasieran, batzarkideei behatzaileak ezagutzeko aukera ematea, eta behatzaileek zergatik dauden hor azaltzea.

2.2 Ikasketa eta deliberazioa erraztea

Bideratzea

Batzarra abian denean, herritarren deliberazioan adituak diren fazilitatzaileek batzarkideak gidatuko dituzte ikasketa, deliberazio eta gomendioak garatzeko oinarri komunak bilatzeko prozesuan. Aldez aurretik garatu den fazilitazio planari jarraituko diote. Planari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus gida honen “Batzarra diseinatzea” atala.

Bideratzaileak:

  • Neutralak dira batzarkideak jorratzen ari diren gaiarekiko
  • Batzarkide guztiek hitz egiteko aukera bera dutela ziurtatzen dute, ikuspuntu eta esperientzia guztiak entzun daitezen
  • Egindako judizio guztiak frogetan eta hausnarketa sakonean oinarritzen direla ziurtatzen dute
  • Talde barruko interakzio esanguratsuak sustatzen dituzte

Tresna digital berriek, esaterako, MIT LVN Plataformak, lagungarriak izan daitezke bideratzaileentzat, talde txikietako eztabaidetan agertzen diren ildoak identifikatzeko eta bertan ez dauden pertsonen esperientziak ere partekatzeko.

Mosaic Lab: deliberazioa bideratzeko gida praktikoa Ireki kanpoko esteka (Ingelesez)
5 eguneko Herritarren Batzarra errazteko plangintza Deskargatu XLSX (EUS)

Nola garatzen da batzarra?

Ongietorria eta aurkezpena

Batzarraren hasieran, aginpide handiena duen erakunde mandatu emaileko pertsonak (presidentea, ministroa, alkatea, zuzendari nagusia edo antzekoa) ongietorria egingo die batzarkideei, batzarraren gomendioak aplikatzeko konpromisoa azpimarratuko du, eta lana eta mandatua azalduko ditu.

Bideratzaileek egunerako gaien zerrenda aurkeztuko dute, eta batzarkideek elkar ezagutzeko prestatu dituzten aurkezpen jarduerekin hasiko dira.

Balio komunak identifikatzea

Batzarkideek elkarrekin erabakiko dituzte irtenbideak aztertzeko eta erabakiak hartzeko baliatuko dituzten irizpide komunak, hau da, batzarraren erabakien oinarria izango diren balioak. Elkarrekin lan egiteko arauen zerrenda bat ere zehaztu beharko dute. Prozesuan, aurrerago, desadostasunik sortzen bada, baliagarria izan daiteke akordio hauek gogoraraztea. Batzarkideek hartuko duten lehenengo talde erabakia izango da hau eta, batzarrak jorratuko duen gaiarekin zuzeneko lotura ez badu ere, elkarrekin lan egiten hasteko aukera bikaina da.

Informazio hutsuneak eta lan hitzarmenen txantiloiak Deskargatu PDF (EUS)

Informazio-fasea

Gaiari buruzko datuak eta informazioa ezagutzen dituztenean, batzarkideak judizio arrazoituak sortzen hasiko dira pixkanaka, eta hori ideiak sortzeko eta gomendioak garatzeko oinarria izango da. Batzarkideek denbora eta aukera beharko dute beraiei aurkeztu zaien informazioa ongi ulertzeko eta era kritikoan aztertzeko. Batzarkideei informazioa hobe prozesatzen laguntzeko badira hainbat teknika, hala nola, informazioa zatitzea, talde txikiagotan banatzea eta, ondoren, talde bakoitzak gainerakoei bere zatia azaltzea. Adituei galderak egitea ere beste aukera bat da. Batzarkideek esan beharko dute jaso duten informazioan hutsunerik nabaritu duten, eta hizlari gehigarriak bilatuko dira hutsune horiek betetzeko.

Batzarkideek eman beharreko urratsak:

  • Informazio kita eztabaidatzea
  • Interes talde eta adituei entzutea
  • Arazoa ulertu eta gainditu beharreko erronkak identifikatzea
  • Informazio hutsuneak identifikatu eta informazio eta hizlari gehigarriak eskatzea

Deliberazioa eta adostasuna lortzea

Deliberazio fasean, batzarkideek ideiak sortuko dituzte, besteen ikuspuntuak ezagutuko dituzte, aukera potentzialen abantailak eta desabantailak aztertuko dituzte eta ondorioak aurreikusiko dituzte. Hemen azaleratuko da bizitako esperientzien aniztasuna, eta adimen kolektiboa sortuko du horrek. Batzarkideek informazio esanguratsua eztabaidatu eta aukera desberdinak planteatuko dituzte, betiere oinarri komunak aurkitzeko eta talde erabakietara iristeko helburu esplizituarekin.

Jardunbide berritzaileak

Deliberaziorako baliagarriak diren trebetasunak garatzeko eta lortu dezaketen horren irudimena sustatzeko modu berritzaileek batzarraren esperientzia eta kalitatea hobetuko dituzte. Hona hemen jardunbide berritzaileen zenbait adibide:

Fitness entrenamendu demokratiko bat egitea

Etorkizun alternatiboen irudikatze kolektiboa garatzea

Etorkizuneko belaunaldien edo naturaren ikuspuntutik hausnartzen saiatzea (horretarako, batzarkide bakoitzak talde hauetako baten ordezkari moduan jardun dezake)

Sormenaren alorreko profesionalekin lan egitea: poetak, aktoreak, dantzariak

Deliberazioa zabaltzea

Batzar guztietan izaten da eskertzekoa denbora gehigarria, baina batzarkideek uste badute prozesua beste saio edo egun batekin luzatu behar dela, nahitaez, beren lana amaitu ahal izateko, aukera hori eman behar zaie.

2.3 Gomendioak idaztea eta bozkatzea

Idazketa kolektiboa

Batzarkideek elkarrekin lan egin dute gomendioak idazteko. Gomendioak talde txikiagoetan ere aztertuko dira, hobekuntzak egiteko. Zenbait berrikusketa beharko dira amaierako bertsiora iritsi aurretik.

Gomendio guztiak modu kolektiboan berrikusiko dira, gera daitezkeen desadostasunak identifikatzeko eta doikuntzak egiteko.

Gomendioen zirriborroa mandatu emailearekin eta interes taldeekin partekatzea ideia ona izan daiteke, gomendioen argitasunari buruzko iritzia eskatzeko eta zehaztasuna behar duten puntuak planteatzeko aukera emateko. Horrela, amaierako txostenaren kalitate ona eta inpaktua izateko aukerak hobetuko dira.

Kasu gehienetan, batzarkideek beren hitzetan idazten dituzte amaierako gomendioak. Nolanahi ere, gomendioen idazkerari buruzko azken hitza batzarkideei dagokie.

Talde erabakia hartzea

Gomendioen zerrenda osatu denean, batzarkideek gomendio bakoitza bozkatuko dute amaierako txostenean sartuko den edo ez erabakitzeko. % 75-80 inguruko onarpena behar da amaierako txostenean sartzeko. Helburua ez da gomendioa perfektua izatea, baizik eta batzarkideak atzean duen asmoarekin ados egotea. Bozketa prozesu sinple bat erabil daiteke, eskuak goratuta.

2.4 Gomendioak entregatzea

Mandatua proposatutako erakunde publikoaren ordezkariei entregatzea

Batzarraren amaierako txostena aurrez aurre emango diete batzarkideek erakunde publikoko ordezkariei. Ordezkariek eskerrak emango dizkiete egindako lanagatik, izan ditzaketen galdera argitzaileak planteatuko dizkiete, eta hurrengo urratsen egutegia azalduko diete. Zenbait kasutan, ekitaldi hau interes taldeei edo publiko zabalagoari irekita egoten da.

Partaidetzaren aitortza egitea

Batzuetan, mandatu emaileek ziurtagiriak edo bestelako aitorpenak ematen dizkiete batzarkideei, batzarkide izaera egiaztatzeko, eta prozesuarekiko konpromisoa eta egindako lana eskertzeko.

Jendaurreko aurkezpena

Erakunde publikoak bere webgunean argitaratuko du amaierako txostena, horren inguruko prentsa oharra egingo du edo, ahal bada, prentsaurreko bat antolatuko du.

MASS LBP txostenen adibideak Ireki kanpoko esteka (Ingelesez)
Hurrengo atala Hurrengo atala

Batzarraren ondoren

Batzarrak gomendioak aurkeztu ondoren gertatzen dena