Erakunde publikoak erantzun publiko formala argitaratuko du batzarraren gomendioei erantzunez. Bertan adieraziko da zein gomendio aplikatuko diren eta zeintzuk ez, erabaki bakoitzaren zergatien azalpenarekin eta xehetasun gehigarriekin.
Onartutako gomendioen ezarpen-maila aldia behingo aurrerapen txosten publikoen bitartez monitorizatu behar da. Lehenengo txostena batzarra amaitu eta hiru hilabeteren buruan egingo da eta, hortik aurrera, sei hilabetez behin.
Zenbait aukera daude jarraipen prozesuan lagundu eta hura indartzeko:
Jarraipen batzorde bat osatzea, ausaz hautatutako batzarkideekin, gomendioen ezarpena monitorizatzeko mandatuarekin.
Gomendioen ezarpenaren jarraipena egitea plataforma digital espezifiko baten bidez edo legezko proposamenen datu base batekin.
Sozietate zibileko elkarteak tartean sartzea, erakunde publikoaren erantzunaren ebaluazioan laguntzeko.
Gomendioen jarraipena egiteaz gain, batzarraren ebaluazio txostena argitaratu eta jendaurrean agertu beharko da.
Gomendioen ezarpenaren zuzeneko emaitzaz haratago, Herritarren Batzarrek bestelako inpaktuak ere izan ditzakete, hala nola diskurtso publikoan eragitea, publiko zabalari gai politiko hori ezagutzera ematea eta ulertaraztea, Herritarren Batzarren aldeko sostengua sortzea, etorkizunerako ikuspuntu alternatiboak planteatzea, eta elkarrekin lan egiteko modu berriak proposatzea.
Hona hemen inpaktu zabal horren adibideen inguruko azterlan batzuk: herritarren batzarrean parte hartu zuten eta haren berri izan zuten herritarren autokonfiantza politiko areagotua (ingelesez) eta epe luzerako herritarren batzarren erabilera handiagoa agintaritza publikoen aldetik (ingelesez).
Batzarkide gehienentzat, erabaki publikoetan eragiteko talde anitz batekin elkartzearena, bizitzan behin gertatzen den esperientzia da. Batzarkideek euren esperientziak mahai-gainean jartzeko, hausnartzeko eta pentsamendu kritikorako gaitasun handiagoa sentitzen dute, erabaki publikoen inguruko ezaguera eta interes handiagoekin batera. Batzarra amaitzean, elkarrekiko kontaktua mantentzea eta inplikatuta jarraitzea sustatu behar dira, hala nahi badute behintzat.
Klikatu beheko laukietan informazio gehiago lortzeko:
Gutxienez, beren gomendioen eraginaren berri eman beharko zaie batzarkideei, hurrengo urratsetan parte hartzeko gonbidapena luzatzeaz gain.
Horretarako, urtebeteren buruan, batzarkideak berriz ere elkartu daitezke, gomendioen ondorioz gauzatu diren ekintzak aztertzeko.
Proiektuaren taldeak komunikazio kanalak ezarriko dituzte, batzarkideek kontaktua mantendu eta partekatzeko aukera izan dezaten.
Zenbait antolatzailek Herritarren Batzarretako kide ohien sareak sortu dituzte, komunitatea modu erregularrean elkartzeko.
Beren komunitatearen edo publiko orokorraren aurrean bizitako esperientziari eta gomendioei buruz hitz egin nahi duten batzarkideei laguntza eman behar diegu.
Etorkizuneko batzarretan boluntario edo bideratzaile jarduteko gonbidapena ere luzatu diezaiekegu.
Batzarra amaitu ondoren, momentu ona izango da batzarraren mandatua abiarazi eta hura garatu zuten pertsonak elkartzeko, beste interes talde batzuekin batera. Bilera horren helburua izango da esperientzia honek aldaketa demokratiko handiago baterako eskain dezakeena aztertzea, ausaz hautatutako herritarren deliberazio instituzio iraunkorrak ezartzeko bidean.
Zein zentzutan izan da lagungarri Herritarren Batzarra antolatzearen prozesua? Nola zabaldu daitezke onura horiek? Zein gai politikotarako? Nola jarraitu dezakete aurrera antolatzaileek esperientzia eta ikasketa hauek oinarri hartuta? Nola atera etekina sortu diren bultzada, sentsibilizazio eta gaitasunari?
ELGAk egin duen Herritarren Batzar iraunkorren adibideen analisiaren arabera, herritarren deliberazioa gobernantza demokratikoaren ohiko parte bihurtzeak onura handiak dakartza, besteak beste:
Erabaki publikoen erantzuleei gai konplexuen inguruko erabaki hobeak hartzen laguntzea, eta baita herritarren aldian behingo ekarpena behar duten eta epe luzerako inpaktua duten erabaki gehiago hartzen laguntzea ere (esaterako, klima aldaketa, biodibertsitatearen galera, teknologia berriak, hirigintza, azpiegituretako inbertsioa eta bestelako gai konplexuei buruzko erabakiak).
Konfiantza publikoa areagotzea. Konfiantza publikoak hamarkadak daramatza beheranzko joeran. Herritarren batzar puntual batek gauzak alda ditzake, baina deliberazio publikoaren etengabeko jarduna da herritarren eta erantzule politikoen arteko elkarrekiko konfiantza sortzen duena.
Herritarren Batzarrak erraztu eta merkatzea. Aldi bakoitzean hutsetik hasi behar ez bada, kostuak eta baliabideak aurreztuko dira.
Gizartearen borondatea eta egokitasun demokratikoa areagotzea. Deliberazio publikoa eta ausazko hautaketa demokrazian txertatzean, ordezkaritzaren pribilegioa herritarren talde askoz ere handiago bati zabaltzea lortzen da. Era berean, partaidetzaren onura demokratikoak ere esponentzialki biderkatzen dira.
Hurrengo paradigma demokratikoaren sorreran laguntzea. Gobernantza erakunde berri hauek duintasuna eskaintzen diete herritarrei eta ahaldundu egiten ditu, partaidetzaren bitartez, ordezkaritzaren botere publikoa ausazko zozketa bidez banatuta, eta jakituria kolektiboa bideratuta.
Mundu osoan, askotariko Herritarren Batzar iraunkorrak jarri dira martxan. Batzar puntual bat diseinatzean gertatzen den modu berean, batzar iraunkor bat diseinatzeko lehen urratsa aurre egin beharreko erronka zehaztea da. Non izan liteke lagungarri herritarren partaidetza iraunkor eta ahaldundua? Aldi baterako batzarretan lan egitean, aukeraren bat identifikatu al dugu?
Herritarren Batzar iraunkor bat diseinatzeko, beste alderdi batzuk ere hartu behar dira kontuan: arlo politiko edo erakunde jakin batean erabaki publikoak nola hartzen diren sakonago aztertu behar da, dauden muga juridiko eta instituzionalak ezagutu behar dira, eta denboran mantendu eta eraldatu daitekeen batzar iraunkor baterako eredu egokia diseinatu behar da.
DemocracyNext espezialista da horrelako batzar iraunkor ahaldunduen sorreran. Jarri gurekin harremanetan gehiago jakiteko. Gure planteamenduak hiru urrats ditu:
Nola hartzen dira erabakiak une honetan?
Zeintzuk dira interes talde nagusiak?
Zein muga juridiko eta instituzional daude?
Nola parte hartzen dute herritarrek orain?
Zein arazo konpondu nahi ditugu herritarren deliberazio sistemikoarekin?
Zeintzuk izango dira batzarraren mandatua eta eginkizunak (gaien zerrenda ezartzea, proposamenak ebaluatzea, gomendioak egitea, jarraipena)?
Nola bermatuko du batzar iraunkorrak gizartearen adierazgarritasuna?
Nola ezarriko da beste erakunde eta herritarren partaidetzarako ekimenekiko lotura?
Zein aldaketa egin behar dira araudian/legedian partaidetzaren oztopoak desagerrarazteko?
Zein azpiegitura eta baliabide behar dira batzarraren funtzionamendua efizienteagoa eta jasangarriagoa izan dadin?
Nola aldatu eta hobetuko da eredu sistemikoa etorkizunean?
Aldi baterako batzar bat egitea etorkizuneko Herritarren Batzarrak antolatzeko gaitasuna garatzeko modu ezin hobea da; izan ere, etorkizuneko prozesuak erraztuko dituzten araudi edo legeetako hobekuntzak identifikatzen laguntzen du, eta herritarren deliberazioaren inguruko sentsibilizazioa, ulermena eta sostengua sortzen ditu. Ildo hauek guztiak oinarri gisa erabil daitezke, Herritarren Batzarrak erabaki publikoen prozesuan modu sistemikoan txertatzeko behar diren azpiegitura juridiko, kultural eta fisikoak garatzeko.
Kontuan hartu:
Zein araudi aldaketa behar dira erakunde publikoek herritarren deliberazioa errazago abian jartzeko eta batzarrei mandatu esanguratsua eta erabakiak hartzeko ahalmena emateko?
Zein lege, araudi edo sistema hobetu edo sortu behar dira ausazko zozketa bidezko hautaketa errazteko, batzarkideei beren denboragatik ordainsaria emateko edo batzarretan parte hartzeko lana etetea ahalbidetzeko?
Zein sistema zahar edo berri erabil daitezke batzarkideen gomendioen ezarpenaren jarraipena egiteko? Esaterako, posible al da gomendioak une honetan erabiltzen diren toki, eskualde edo estatu mailako erregistroetan inskribatu eta jarraipena bertatik egitea?
Nondik lortu daitezke herritarren deliberazioa posible egiteko behar diren aurrekontua eta gainerako baliabideak?
Nola zaindu daitezke herritarren batzarrak antolatzeari buruzko ezaguerak eta esperientziak, ondoren beste erakunde publiko batzuei helarazteko?
Herritarren batzarrak antolatzeko eta deliberazio sakona egiteko erosoak diren adina espazio fisiko ba al daude?