Beharrezko zorroztasunarekin garatutako Herritarren Batzar batek konfiantza publikoa indartzen du, legitimazioa duten emaitza fidagarriak sortzen ditu eta erabaki publikoetan inpaktua izatea lortzen du. Honelako prozesu bat antolatzeko, testuingurua eta aurretiazko baldintzak behar bezala ezartzea garrantzitsua da. Gidaren atal honetan azalduko dira baldintza horiek zeintzuk diren. Hurrengo kapituluetan, xehetasun gehigarriak aurki daitezke.
Herritarren Batzarrak antolatzeko jardunbide egokien printzipioak garatzeko, 300 batzar ingururen analisia egin zen, gobernuko, gizarte zibileko eta mundu akademikoko adituen talde aholkulari batekin lankidetzan. Zalantzak sortzen badira, beti erabil daitezke printzipio hauek kalitate handiko Herritarren Batzar bat nolakoa den jakiteko.
Hona hemen printzipioak:
Helburua argi eta garbi zehaztutako zeregina izan behar da, eta ongi definitutako auzi publiko batekin lotura izan behar du. Galdera neutro moduan planteatzen da, hizkera ulerterrazarekin.
Erabaki publikoetan eragina izatea lortu behar da. Batzarrari mandatua eman dioten ordezkari politikoek publikoki onartu behar dute batzarkideen gomendioei epe egokian erantzun edo horien arabera jarduteko konpromisoa. Onartzen diren gomendio guztien inplementazioari jarraipena txosten publikoen bidez egin behar da.
Deliberazio prozesua publikoki aurkeztu behar da hasi aurretik. Prozesuaren diseinua eta material guztiak –barne hartuta gai zerrendak, aurretiazko informazio txostenak, erabilitako aurkezpenak, gaiari buruz aditu zein arituek partekatutako audio eta bideo grabaketak, batzarkideen txostena, gomendioak (horien amaierako idazketa batzarkideekin kontsultatu beharko delarik) eta zozketa zibikoa burutzeko jarraitutako irizpideak herritarren eskura jarri beharko da, behar bezala. Finantzaketa iturria ere ezagutzera eman behar da. Ordezkari politikoek batzarkideen gomendioei emandako erantzuna eta ondorengo ebaluazio prozesua argitaratu behar dira. Betiere, komunikazio publikorako estrategia zehatza jarraituta.
Batzarkideak biztanleriaren mikrokosmosa izan behar dira. Ausaz aukeratutako herritar talde bat oinarri hartuta, tokiko aniztasuna deskribatzen duen taldea sortzen da estratifikazio demografikoaren arabera (taldea komunitatearen profil demografikoarekin bat datorrela ziurtatzeko, errolda edo antzeko datuak erabili beharrean). Zenbaitetan, jarreraren inguruko irizpideak ere erabiltzen dira (testuinguruaren arabera). Mundu guztiak izan beharko luke batzarkide izateko aukera bera. Kasu batzuetan, ausazko lagina sortzean, zenbait ezaugarri demografikoren lagina areagotzea komeni da, adierazgarritasuna lortzeko.
Inklusioa bermatzeko, kontuan hartu beharko da ordezkaritza txikiegia duten taldeen parte hartzea nola bermatu. Halaber, ordainsari, gastuen ordainketa eta/edo haur eta adinekoen zainketa zerbitzuen bidez ere sustatu beharko da parte hartzea.
Batzarkideek testigantza eta ezaguera zehatz, esanguratsu eta irisgarri sorta zabala izan behar dute eskura. Aurkezpenak egiten dituzten hizlariei entzun eta galderak egiteko aukera emango zaie, hizlarien artean egon behar dira batzarkideek beraiek hautatutako adituak, arituak eta ordezkariak.
Batzarkideak oinarri komunak aurkitzeko gai izan beharko dira, agintari publikoei egiten dizkieten gomendioak sortzeko. Horretarako, entzute arretatsu eta aktiboa egingo dute, ikuspuntu guztiak aztertuta eta batzarkide guztiei hitz egiteko aukera emanda, talde txiki eta plenarioko jarduerak txandakatzen dituen formatu misto baten bitartez, eta fazilitazio laguntza adituarekin.
Deliberazioak denbora jakin bat behar du, batzarkideek gaiari buruzko informazioa ezagutu eta aztertzeko, eta gomendio arrazoituak garatzeko aukera izan dezaten, auzi politiko gehienak nahiko konplexuak izaten baitira. Herritarren gomendio arrazoitu horietara iristeko, batzarkideak aurrez aurre elkartu beharko dira lau jardunaldi osoz gutxienez, denbora laburrago bat justifikatuta badago salbu. Bileren artean banakako ikasketa eta hausnarketarako denbora uztea gomendatzen da.
Abiapuntuko mandatua zehaztuko duten ordezkari politikoak ez diren kanpoko koordinazio talde batek kudeatuko du prozesua. Prozesuaren erabakiei buruzko azken hitza kanpoko koordinatzaileena izango da, eta ez ordezkari politikoena. Testuinguruaren arabera, aholkularitza edo Jarraipen Batzorde batek gainbegiratu beharko du prozesua, ziurtatzeko ikuspuntu guztien ordezkariak barne hartzen dituela.
Batzarkideen pribatutasuna errespetatu behar da, bilatu ez den komunikabideen arreta eta jazarpenetik babestuta daudela ziurtatzeko eta batzarkideen independentzia mantentzeko. Horrela, interes taldeek ez dituzte erosiko eta ez diete lobbie-a egingo. Talde txikietako eztabaidak pribatuak izango dira. Batzarkideen identitatea prozesua amaitzean eman daiteke ezagutzera, batzarkideek baimena ematen badute. Batzarkideen datu pertsonal guztiak nazioarteko jardunbide egokien arabera tratatuko dira, besteak beste, Europar Batasuneko Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamenduaren (RGPD, gaztelaniaz) arabera.
Batzarkideen ebaluazio anonimoa egingo dute, prozesua irizpide objektiboen (adib. emandako informazioaren kantitatea eta aniztasuna, ikasteko erabilitako denbora, bideratzaileen independentzia) arabera aztertzeko. Koordinazio taldeak barne ebaluazioa egin beharko du, txosten honetan azaldutako jardunbide egokiak kontuan hartuta, lortu dena aztertu eta etorkizuneko prozesuak hobetze aldera. Zenbait deliberazio prozesutan, ebaluazio independente bat komenigarria izan daiteke, batez ere iraupen luzeko prozesuen kasuan. Deliberazio prozesuaren amaierako emaitzen eta praktikara eraman diren gomendioen inpaktuaren arabera ere ebaluatu behar da.
Herritarren Batzarrak erabaki publikoetan eragina izango duela ziurtatzea da zereginik garrantzitsuena. Abiapuntuko mandatua zehaztu duten ordezkari, erakunde edo elkarteek publikoki onartu beharko dute batzarkideen gomendioei erantzun eta horien arabera epe egokian jarduteko konpromisoa. Hemen prozesuan askotariko eginkizunak izango dituzten interes taldeen sorta batekin elkarrizketak izatea garrantzitsua da. Prozesua arrakastatsua izan dadin, sarritan, Batzarrak alderdi edo erakunde anitzen babesa duela ziurtatu behar da, eta gizarte zibileko elkarteak eta bestelako erakundeak jakinaren gainean egon behar dira hasieratik.
Herritarren Batzar bat antolatzeko, behar adinako denbora eta aurrekontua behar dira.
Oro har, bi hilabete behar dira gutxienez ordezkari publikoen konpromiso argia lortzeko eta batzarra diseinatzeko. Batzarkideak hautatzeko zozketa zibikoaren prozesuak beste bi hilabete inguru beharko ditu.
Azkenik, deliberazioak lau egun oso beharko ditu gutxienez, sarritan, zenbait hilabetetan banatuta. Deliberazioak denbora behar du batzarkideek informazioa jasotzeko, hori aztertzeko eta gomendio arrazoituak garatzeko, auzi politiko gehienak konplexuak izaten baitira.
Aurrekontuaren bolumena batzarraren testuinguruaren, tamainaren eta iraupenaren araberakoa izango da, baina 26.000 dolar estatubatuar (23.000 euro) ingurukoa izan daiteke Brasilgo toki mailako batzar txiki baterako, edo zenbait milioi eurokoa Frantziako batzar nazional handi baterako. Aurrekontuaren zati handi bat batzarkideen denbora ordaintzeko eta fazilitatzaile kualifikatuak kontratatzeko erabiliko da.
Baliabideen aldetik, koordinatzaile nagusi bat edo koordinazio talde bat izendatu beharko da (prozesua kudeatzeko). Horrez gain, erakundeko gaitasun desberdineko profilak inplikatu beharko dira, besteak beste: komunikazioak, proiektuen kudeaketa, arlo politiko espezifiko bateko ezaguera aditua, eta plataforma digital edo webguneen moduko baliabide teknikoen ezarpena.
Erakunde publiko batek batzarkideen gomendioak kontuan hartu eta mundu errealean eragina duten lege eta politiketarako oinarri gisa erabiltzeko konpromisoa hartzea da parte hartzeko motibazio nagusia. Mundu guztiak gonbidapena onartzeko aukera bera duela ziurtatzeko, partaidetzarako zailtasunak ahalik eta gehien murriztu behar dira, honela:
Zenbatekoa testuinguruaren araberakoa izango da. Hona hemen duela gutxi antolatutako Herritarren Batzarren zenbait adibide.
Herritarren Batzarren onurak areagotze aldera, gero eta sarriago, erabakiak hartzeko prozesu demokratikoan txertatu izan dira, modu iraunkorrean. Horrek esan nahi du, borondate politikoaren mendeko ekimen puntualak izan beharrean, erabaki mota jakinak hartzeko prozesuaren ohiko elementu bihurtzen direla. Askotan, legezko oinarri edo oinarri instituzional batek babesten du parlamentuen moduko uneko erakundeekiko duten lotura.
Herritarren deliberazioa sistematizatzeak errazago eta merkeago egiten du zenbait gairen inguruko batzarrak antolatzea, eta horrek legitimitate demokratikoa areagotzen du halabeharrez. Gero eta batzar gehiago antolatu, orduan eta aukera gehiago egongo dira herritarrek beste herritar batzuen ordezkari bezala jarduteko, hartara herritarrei erabakietan eragiteko ahalmen handiagoa emanda. Irakurri gehiago onurei buruz gida honen 3.3 atalean.
Herritarren Batzar bat antolatzean, aldaketa demokratiko handiago baterako lehen urrats moduan hartzea gomendatzen dugu. Herritarren Batzar bat martxan jartzeko lan handia behar da, eta parte hartzaile guztiek gaiaren inguruko ezaguera sakonak eta gaitasunak garatzen dituzte. Atera onura horri, segi aurrera, eta aldarazi sistema, herritarren deliberazioa erakunde publikoetan txertatzeko.
Gai jakin baten inguruko Herritarren Batzar puntualarekin hasi bazarete ere, aurrerago erabakiak hartzeko prozesuaren elementu iraunkor bihurtzeko asmoa lagungarria izango da ikaskuntza onuragarriak ateratzeko. Herritarren aldian behingo parte hartzea behar duten erronka politiko erregularretan txertatzen diren Herritarren Batzarrek egin dezaketen ekarpenari buruzko elkarrizketari ekiteko balio dezake.
Helburua batzar iraunkorrak txertatzeko aldaketa estrukturala dela gogoan hartzen badugu, errazago identifikatuko ditugu sortu beharreko azpiegitura juridiko, sozial eta instituzionalak. Horren barne egon litezke, esaterako, araudi aldaketak batzarren funtzionamendua errazteko, batzarrei agintaritza handiagoa ematea edo batzarkideen ordainketa erraztea.
Batzarrak gobernantza egitura argi eta sinplea behar du, gardentasuna eta independentzia bermatzen dituena. Agintaldi luzeagoak dituzten esparru nazionaleko batzarrek gobernantza konplexuagoa izaten dute, bermatzaile independente, presidente eta antzeko elementuak barne dituena. Aldiz, batzar txiki eta laburragoek egitura sinpleagoak izaten dituzte. Adibide guztietan, zenbait talde elkartu behar dira lana aurrera atera ahal izateko.
Mandatu emailea da herritarren batzarra abian hartzen duen entitate, instituzio edo erakunde publikoa; edo beste hitz batzuetan, entitate komanditarioa. Bi gauza bermatu behar ditu: batzarrak eginkizun argia izatea eta emaitzak erakunde publikoaren erabakitze prozesuan txertatzea. Batzarrak funtzionatzeko behar dituen baliabideak hornitzen ditu (ekonomikoak, langileen orduak, komunikazioa).
Herritarren batzarra kudeatzeko, entitate edo erakunde publiko mandatu emailea ez den kanpoko erakunde bat beharko da. Honela, prozesuaren integritatea bermatzea lortuko da. Antolatzaileak, Herritarren Batzarren kudeaketan duen esperientziari esker, batzarraren diseinuan lagunduko du, batzarkideak zozketa bidez izendatuko ditu, batzarraren bilkuren logistikaz arduratuko da, deliberazioa bideratuko du eta batzarraren amaierako txostena idatziko du.
Zentzu horretan, Herritarren Batzar iraunkorrak salbuespena dira. Kasu horietan, mandatu emaileak, herritarren deliberazioa denboran zehar garatzean, gaitasunak eta ezagutza sortzen ditu eta, ondorioz, erakunde publikoa gai da kalitate handiko deliberazio prozesu bat bere kabuz eramateko, eta bere eginkizunen esparru barruan txertatzen du. Horretarako, idazkaritza independente bat eratzen da, eginkizun esklusibo horrekin.
Herritarren Batzarren kudeaketan espezializatuta dauden irabazi asmorik gabeko eta irabazi asmodun erakunde ugari daude. Kalitate handiko estandarrak ziurtatzen dituen bat aukeratu behar da, gida honetan azaldutako ELGAren jardunbide egokiak errespetatzen dituena.
Hona hemen DemocracyNext-en konfiantzako zenbait bazkide: newDemocracy eta MosaicLab Australian, Delibera Brasilen, G1000 Belgikan, MASS LBP Kanadan, iDeemos Kolonbian, We Do Democracy Danimarkan, eta Deliberativa Espainian. Democracy R&D sarearen webgunean Herritarren Batzarretan adituak diren erakundeen zerrenda luzeago bat aurki daiteke.
Gipuzkoako eta Tolosako Herritarren Batzarren diseinu eta inplementazioan ondorengo erakundeek parte hartu dute.
Gipuzkoako Herritarren Batzarra:
Tolosako Herritarren Batzarra:
Proiektu taldea osatzen dute Herritarren Batzarra abian jarri duen mandatu emailearen ordezkariek eta kudeaketaz arduratuko diren antolatzailearen ordezkari nagusiek.
Taldea prozesu osoaz arduratuko da, horren barne daude: batzarra baldintza egokietan garatzen dela, inpaktua bermatuta dagoela eta ELGAren jardunbide egokiak errespetatzen direla bermatzea. Mandatu emailearen eta antolatzailearen arteko zubia dira.
Talde ikuskatzaile batek Herritarren Batzarraren independentzia bermatzen du. Ikuskaritza iturri benetan independentea izan dadin, eginkizun hau unibertsitate baten, erakunde independente baten edo deliberazio demokrazien arloko nazioarteko adituen esku utzi behar da. Talde ikuskatzaileak hemen aipatu diren gainerako taldeen artean agertzen diren desadostasunak gainditzen lagunduko du, eta, gatazka sortzen bada, batzarkideen eta mandatu emailearen arteko bitartekari lanak egingo ditu. Alderdi politikoen ordezkariak ere egon daitezke talde honen barne.
Edukien taldea da batzarkideen deliberazio prozesurako abiapuntua izango den informazio oinarria biltzeaz arduratuko dena. Informazio hori publikoaren eskura ere jarriko da eta zehatza, zabala, esanguratsua, argia eta irisgarria izan beharko da. Ezaugarri horiek funtsezkoak dira deliberazioa eraginkorra izateko eta prozesu osoaren legitimitatea ziurtatzeko.
Edukien taldea osatzen duten pertsonak adituak eta arituak izango dira batzarraren gai politikoan eta askotariko ikuspuntuen ordezkaritza dagoela ziurtatuko da. Kideak, sarritan, akademikoak, aditu independenteak eta bestelako interes talde esanguratsuak izaten dira. Proiektuaren taldeak ezartzen du edukien taldea, eta talde honen osaera erabat gardena da.
Herritarren Batzarra ebaluatzea lagungarria da erantzule politikoek, interes taldeek eta publiko orokorrak prozesuan eta batzarrak garatutako gomendioetan konfiantza izan dezaten. Gainera, ongi funtzionatu zuena eta hurrengorako hobetu behar dena zehazten lagunduko du.
Ebaluazio prozesua hasieratik jarri behar da martxan, diseinuari buruzko erabakiak hartzen hasi aurretik. Herritarren Batzar bat ebaluatzeko hainbat metodo eta planteamendu daude, horien barne direla inkestak, dokumentuen berrikusketa, elkarrizketak eta behaketa. Luzaroago irauten duten esparru nazionaleko batzarren kasuan, inpaktuaren ebaluazioa egitea komenigarria izan liteke ere. Informazio gehiago jasotzeko, irakurri “Ordezkaritzako deliberazio prozesuak ebaluatzeko ELGAren gidalerroak”.
Tolosako eta Gipuzkoako Herritarren Batzarrak EHUko Aktiba eta Parte Hartuz ikerketa taldeek ebaluatu zituzten, hurrenez hurren. Euskal testuinguruan, bi ebaluazio-irizpide berri gehitu dira: genero-ikuspegia eta bi hizkuntza ofizialen erabilera (euskara eta gaztelania).
Ezinbestekoa da ebaluazioak ahal bezain independenteak izatea.
Ebaluazio independenteak dira Herritarren Batzar bat ebaluatzeko modurik osoena eta fidagarriena. Bereziki baliagarriak dira denbora luzez (adib. lau egun edo gehiago) funtzionatzen duten batzarretarako. Oro har, ebaluazio metodoetan eta deliberazio demokrazian esperientzia duten eta kalitate handiko deliberazio publikoak sakonki ezagutzen dituzten akademikoek edo espezialistek egiten dituzte.
Ebaluatzaile bila hasteko leku aproposak dira deliberazio demokratikoaren arloko zentro espezializatuak, hala nola University College Dublin unibertsitateko School of Politics and International Relations, Newcastle Unibersity-ko School of Geography, Politics & Sociology, Pennsylvania State University-ko Department of Political Science eta University of Canberra unibertsitateko Centre for Deliberative Democracy and Global Governance.
Testuinguruaren arabera, baliteke bertako hizkuntza hitz egiten duen tokiko ebaluatzaile bat behar izatea. Kasu horietan, aukera ona izan daiteke tokiko unibertsitateko zientzia politikoen fakultatearekin harremanetan jartzea. Deliberazio demokratikoaren arloko adituak aurkitzea zaila bada ere, zientzia politikoen tokiko ikertzaileek nazioarteko adituei kontsulta egin diezaiekete edo hauen ikuskaritzapean jardun dezakete ebaluazioa egiteko. Baliteke ere antolatzaileak testuingururako egokiak diren akademikoak gomendatu ahal izatea.
Batzarraren proiektuaren taldearen autoebaluazioa zenbait galderaren bidez gidatutako eztabaida irekia izaten da, prozesua garatzeko ardura duten taldekideen artean. Ikasitakoaren eta hurrengorako hobetu behar denaren inguruko hausnarketa egiten dute.
Batzarkideen autoebaluazioa hauen iritzi konfidentzialak bilduta egiten da, inkesten eta elkarrizketen bitartez.
Euskal Herriko testuingurura egokitu dituzte Herritarren Batzarra baino lehen eta ondoren batzarkideei egiteko galdetegia EHUko Parte Hartuz eta Aktiba ikerketa taldeek Gipuzkoako eta Tolosako Herritarren Batzarretan.
Ebaluazioak islatu beharko du batzarra nola prestatu zen, nola gauzatu zen eta zein inpaktu izan zuen.
Hauek dira Euskal Herrian garatutako Herritarren Batzarren ebaluazio txostenak:
Ezarritako gaiaren esparruak eragina izango du Herritarren Batzarraren diseinuaren gainerako alderdi guztietan.
Hasiera-hasieratik erabaki behar da nork erantzungo dien gomendioei. Horrek jabetza sentimendua, argitasuna eta konpromisoa areagotuko ditu. Sarritan, parlamentua, udala, gobernu batzorde bat edo erakunde bateko zuzendaritza taldea izaten da.
Gaiaren eta mandatuaren araberakoa da. Gaia gero eta konplexuagoa, oihartzun askokoa edo polemikoagoa izan, orduan eta handiagoa izan beharko da batzarra eta orduan eta denbora gehiago beharko du gaia jorratzeko.
Batzarra behar bezain anitza izango da, mundu guztiak senti dezan “ni bezalako norbait” hor barruan dagoela.
Testuingurua garrantzitsua da. Oro har, tokiko batzarrak txikiagoak izaten dira (25-40 pertsona inguru) eta nazionalak eta nazioz haraindikoak, berriz, handiagoak (esaterako, Eskoziako batzarrek 100 bat kide izan zituzten, Irlandako eta Frantziako batzar nazionalek, 100-185 kide artean, eta Europar Batasun mailako batzarrek, 200 kide inguru).
Efizientziaren, deliberazioaren kalitatearen eta ordezkaritza handienaren arteko berezko oreka bilatzen da. Kide gehiago izateak iraupen luzeagoa eta baliabide gehiago behar izatea dakar, baina, era berean, kide gehiagorekin, ordezkaritza eta gomendioen legitimitatea areagotzen dira.
Gaia gero eta konplexuagoa, orduan eta denbora gehiago behar du. ELGAren jardunbide egokien arabera, 4 jardunaldi oso behar izaten ditu deliberazioak gutxienez (oro har, 40 ordu neurri ona izaten da). Hala ere, gai txiki edo tokiko gai askok 6-10 egun inguruko deliberazioa behar izaten dute. Batzar nazional ugarik 15-25 eguneko iraupena izaten dute. Kasuan kasu, erantzun ondorengo galderari eta ordu kopurua erabaki arestian aipatutako irizpideak kontuan hartuta: “Gai honi buruzko batzar baten gomendioak fidagarriak irudituko litzaizkizuke X egunen ondoren?”.
Herritarren Batzarra egiteko toki bat aukeratzea funtsezko urratsa da prozesua behar bezala garatzen dela ziurtatzeko eta batzarkideak gustura, eroso eta ahaldunduta sentitzeko.
Leku baten ezaugarri espazialek ikasketa, eztabaida eta deliberazio aberats eta emankorrak ahalbidetu edo eragotzi ditzakete.
Lehendabizi, erabaki non gertatuko den deliberazio prozesua, eskualde edo hiriaren barruan. Kontuan izan garraio publiko bidez irisgarria izan behar dela eta batzarkide guztiei ongi datorkien toki bat izan behar dela.
Instalazio jakin bat hautatzeko orduan, aukeratu behar adineko tamaina duen eta batzarra antolatzeko erraz egokitu daitekeen leku bat.
Mahai eta eserleku aukera moldaerrazak ezinbestekoak dira, gaiari eta adostutako akordioei buruzko informazioa zintzilikatzeko horma espazio nahikoarekin batera.
Espazioak argi natural ugari behar du, eta plenario zein talde txikiagoetan mundu guztiari aditzeko eta adituak izateko baldintza akustiko egokiak beharko ditu.
Ahal bada, tokiak bilera handiagoetarako espazio bat izango du, deliberaziorako eta akordioetara iristeko aldameneko espazio txikiagoekin.
Gobernu eraikin tradizionaletan, normalean, ez da toki egokirik egoten talde txiki eta intimoagoetan eztabaidatzeko. Baliteke horrelako tokiak batzarra egiteko aproposenak ez izatea
Herritarren Batzar baten diseinua prozesu gardena eta inklusiboa izan behar da, proiektuaren taldearen zuzendaritzapean. Demokrazia deliberatiboaren arlo barneko zein kanpoko adituen parte hartzea beharko du.
Interes talde publikoek batzarra onartu eta konfiantzazko prozesua dela ziurtatzeko, ikuspuntu anitzak ordezkatzen dituzten interes taldeen partaidetzarako prozesu bat definitu behar da, diseinuaz arduratzeko. Prozesu hori bilera edo lan saio bat izan liteke, bertan batzarrari buruzko planak aztertu eta eztabaidatzeko, edo kontsulta egiteko deialdi ireki bat.
Interes taldeek kezkak agertzea gerta liteke erabakiak hartzeko boterea herritar arrunten esku uzteko orduan. Hori saihesteko, batzarraren prozesua ongi azaldu behar da eta interes taldeei argi utzi behar zaie ekarpenak egiteko aukera izango dutela, hasierako diseinuari buruzko lan saioaz haratago. Adibidez, hizlari adituen zerrenda osatzeko iradokizunak egiten lagundu dezakete interes taldeek.
Tresna digitalak zenbait modutan izan daitezke baliagarriak herritarren batzarrentzat:
Ikasketa errazteko: batzarkideek gaiari buruzko bideo eta idatzizko materialetarako sarbidea izan dezaten, batzarra hasi aurretik eta bileren artean.
Harremanak errazteko: batzarkideei haien arteko interakzioak, komunikazioak eta harremanak ezartzen laguntzeko, bileren artean eta batzarra amaitu ondoren.
Bideratze lanetan laguntzeko: batzarrean, talde handien zein txikien eztabaidak transkribatzeko eta laburbiltzeko erabil daitezke, bai eta gomendioak idazteko eta amaierako gomendioen inguruko bozketa egiteko ere.
Emaitzen jarraipena egiteko: batzarkideei beren lanaren inpaktuaren berri emateko.
Gizarte osoaren parte hartzea lortzeko: batzarraren aurrerapausoak eta emaitzak ezagutzera emanda eta batzarrari informazio lagungarria emango dioten bestelako partaidetza prozesuak antolatuta.
Batzarkideen ikasketa eta komunikazio prozesuetarako tresna digitalak erabiltzea erabakiz gero, baliteke laguntza, harrera, Interneterako sarbidea eta ordenagailuak edo tabletak eskaini behar izatea horrelakorik ez duten batzarkideei.
Komunitateko kide guztiek batzarrean parte hartzeko aukera berak dituztela bermatzea oso garrantzitsua da.
Informazio gehiago:
Desgaitasuna duen edozein pertsona batzarraren bilkura tokira erraz eta bere kabuz iristeko gai izan beharko da, eta inolako mugarik gabe parte hartzeko gai ere. Batzarraren bileretan, ekipamendu egokiak jarriko dira batzarkideen eskura, hala nola entzumen urritua dutenentzako entzumenari laguntzeko sistemak, zeinu hizkuntza interpreteak edo informazio gehigarria pantailan eta ikusmen urritua dutenentzako idatzizko testuen ahozko narrazioa, besteak beste.
Jardunbide egokien printzipioetan nabarmendu den moduan, herritarrek ordainsaria jasoko dute beren denboragatik. Era berean, zainketa kostuak eta bidaia eta ostatu gastuak ere ordainduko dira, egokia denean.
Batzarraren testuinguruko hizkuntza aniztasunaren arabera, baliteke batzarkideen arteko komunikaziorako beharrak identifikatu eta neurriak hartu behar izatea. Horien artean dira zuzeneko interpretazioa edo prozesuan lagunduko dien soldatapeko hizkuntza laguntzaile bat izendatzea edo kontratatzea.
Mandatua proposatzen duen erakunde publikoak, seguruenik, kontratazio prozesu bat antolatu beharko du Herritarren Batzar bat egiteko behar adinako ezagutza eta esperientzia dituen antolatzaile bat kontratatzeko. DemNext-ek ereduzko kontratazio dokumentu bat sortu du, Europan izandako esperientziak oinarri hartuta. MASS LBP-k, bere aldetik, Ipar Amerikarako egokiagoa izan litekeen gida bat dauka.
Publiko zabalago baten partaidetza lortu dezaketen bestelako jarduerak kontuan hartzea baliagarria izan liteke, esaterako, deialdi irekiak, elkarrizketak edo inkestak, batzarraren aurretik, komunitateak gaiaren deliberazioak bere gain izan dezakeen inpaktua hobe ulertzeko. Helburu bikoitza izaten du horrek: alde batetik, batzarraren lana sozializatzea, eta, bestetik, deliberaziorako oinarrizko informazioa batzarkideen eskura jartzea.
Gizartea, oro har, jakinaren gainean mantentzeko beste modu bat izan daiteke jendeak batzarrari eta jorratzen ari diren gaiari buruz dituen galderak biltzea. Batzarkideek jendaurrean hedatuko diren bideo laburren bidez erantzun ditzakete galdera horiek.
Komunikazio estrategia espezifiko bat eta langileen dedikazio orduak aurrekontuan islatu eta hasiera-hasieratik prestatu behar dira, gizarteari Herritarren Batzarraren berri emateko, batzarraren aurrerapausoak ezagutzera emateko, frogak eta ikasketa materialak webgune espezifiko batean partekatzeko –hartara eztabaida publikorako informazioa eskainita–, eta Herritarren Batzarra jorratzen ari den gaiari buruzko kontzientzia areagotzeko ere.
Batzarraren legitimitatea eta arrakasta ziurtatzeko irizpiderik garrantzitsuenetako bat da hau. Bideratze lanak prestakuntza, ezagutza espezializatuak eta esperientzia eskatzen dituzte. Erraztaile taldeak plan argi eta xehatua prestatu behar du, horren barne direla: batzarkideek elkar ezagutzeko jarraituko duten prozesua, gaiari buruz informazioa jasotzeko prozesua, deliberazioa, oinarri komunak aurkitzea, gomendioak garatzea eta adostasun zabala lortzea. Talde txikietako eta osoko bilkuretako lana uztartu beharko ditu.
Herritarren Batzarrak definitzen dituen ezaugarrietako bat batzarkideen zozketa bidezko hautaketa da, betiere komunitatearen isla ahalik eta gehien izatea bilatzen da. Horrek esan nahi du mundu guztiak izango duela ordezkari eta ordezkatu izateko aukera bera.
Hautaketa prozesua bi fasetan banatzen da. Lehenengoan, gonbidapen ugari (sarritan, 10.000-30.000 artean) bidaltzen zaizkio ausaz hautatutako herritarren talde bati.
Gonbidapenari baiezkoa ematen dioten guztien artean, bigarren zozketa bat egiten da.
Hala ere, bigarren fase horretan, estratifikazio izeneko prozesua erabiltzean da, hautatutako taldea tokiko pertsonen aniztasuna deskribatzen duela bermatzeko, generoari, adinari, geografiari eta egoera sozioekonomikoari dagokienez.
Ingelesez, “sortition” deitzen zaio zozketa horri. Zenbaitetan, zozketa demokratiko edo zozketa zibiko izena ere hartzen du.
Gonbidapenak bidaltzen zaizkio ausaz aukeratutako herritarren talde bati (2.000-30.000), postaz, telefonoz edo posta elektronikoz.
Hartzaileek zozketan parte hartzea erabaki dezakete.
Boluntarioen arteko bigarren hautaketa, ezaugarri hauen arabera estratifikatua: generoa, adina, bizilekua, ezaugarri sozioekonomikoak, etab.
Hautatutako taldea: komunitatearen (hiria, estatua, herrialdea, etab.) adierazgarria.
Sarritan, antolatzaileak egiten du batzarkideak aukeratzeko zozketa, betiere proiektu taldearen ikuskaritzapean. Antolatzaileak esperientzia izan beharko du zozketen antolaketan, hari baitagokio prozesu hau gauzatzea.
Oro har, generoa, adina, bizilekua eta aniztasun sozioekonomikoa islatzen duen beste aldagai bat (esaterako, ikasketa maila edo enplegu mota) erabiltzen dira talde adierazgarri bat lortzeko. Zenbaitetan, irizpide gehigarriak ere erabiltzen dira, hala nola hizkuntza edo mandatuaren gaiarekiko jarrera, amaierako taldean ikuspuntu guztiak ordezkatuta daudela ziurtatzeko. Era berean, politikari hautetsiak kanpo uzteko irizpideak ezarri behar dira ere, gonbidapena jasoko balute. Dena den, ez dira irizpide gehiegi definitu behar, bestela, zaila izango da horiek guztiak islatzen dituen talde bat osatzea.
Oro har, ordezkaritza txikiegia duten taldeek, esaterako, maila sozioekonomiko baxua dutenek, gazteek, landa eremuetan bizi direnek, eta etnia, arraza eta abarrengatik desabantailak sufritzen dituztenek, batzarrarekin bat egiteko gonbidapena onartzeko joera txikiagoa izaten dute.
Batek pentsa dezake, arazo hau konpontzeko egin behar dena gonbidapenak helarazteko zozketa prozesua saihestea dela. Aldiz, horrek kanporatze efektu problematikoak sortuko lituzke eta, ondorioz, mundu guztiak batzarkide izateko gonbidapena jasotzeko aukera bera izatearen printzipioa urratuko litzateke. Batzarkide guztiek prozesu berari jarraituta iritsi direla sentitzea garrantzitsua da, eta komunitate baten kide direla ere.
Taldeko zenbait kidek zuzendutako gonbidapenak jasoko balituzte, zozketa prozesua saihestuta, gerta liteke batzarkide horiek sentitzea bertan direla bakarrik talde edo interes jakin baten ordezkari moduan, eta ez zozketa bidez hautatu den komunitateko kide moduan. Gu guztion identitateek hainbat alderdi dituzte, eta batzarrekin sortzen diren inguruneek aukera ematen diete herritarrei diren horren alderdi ugariak agertzeko, eta ez bakarrik beren identitateen alderdi bat edo bi.
Nola gainditu orduan zenbait talde demografikok duten hasierako gonbidapena onartzeko joera txikiago hori? Zenbait aukera ditugu:
Talde hauetako kideak zein eremutan bizi diren ezagutzen badugu, gonbidapen gehiago bidal daitezke eremu horietako etxeetara, erantzun tasa gainerako taldeen parekoa dela ziurtatzeko eta, ondorioz, taldeko amaierako osaeran ordezkaritza egokia dutela bermatzeko.
Batzarrean parte hartzeari buruzko aukera ezagutzera ematea, komunitateko, gobernuko eta gobernuz kanpoko erakundeek egindako partaidetza kanpaina zuzenduen bitartez.
Kolektibo zaurgarriekin lan egiten duten gizarte zibileko elkarteekin edo komunitateko taldeekin lankidetzan aritzea, komunitate horietako kideei gonbidapen gehiago helarazteko, zozketa prozesuaren lehenengo fasean. Horrek esan nahi du, hasieran, gehiegizko laginketa bat egingo dela, baina zozketa prozesuaren bigarren fasea erabat ausazko moduan egingo da eta, ondorioz, amaierako taldea komunitate osoaren adierazgarri izango da.
Toki mailan, atez ate joatea, gonbidapena jaso baina erantzun ez duten pertsonen kasuan, eta parte hartzeko zer behar duten galdetzea. Teknika hau eraginkorra dela egiaztatu da, baina denbora eta baliabide asko behar ditu.
Lehenengo gonbidapen erronda bidaltzeko, zenbait datu base erabiliko dira, tokian eskuragarri direnak. Orokorrean, erregistro hauek izaten dira biztanleria nazionalaren erregistroa, bozkatzaileen zerrendak, posta erregistroak, udal erroldak eta abar. Inolako datu baserik erabili ezingo balitz, ausazko telefono deiak edo etxez etxe joatea erabaki daiteke. Helburua da ahalik eta zerrenda osoena erabiltzea (zenbaitetan, zerrenden konbinazioa da egokiena), ahalik eta inklusiboena izan dadin. Sarritan, bozkatzaileen zerrendak, beren horretan, ez dira baliabide egokia izaten, arrazoi horrengatik, alegia, informazioa faltan izan dezaketelako.
Gogoratu datu pertsonalen babesari buruzko araudi aplikagarri guztiak errespetatu behar direla, hala nola GRPD erregelamendua.
Prozesua Euskal Autonomia Erkidego edo Aldundi mailan egiten bada, erakundeek ez dituzte herritarren datu demografikoak, hortaz, eskutitzak ausaz bidaliko dira hainbat helbideetara. Helbideak Correos-ekin harremanetan jarrita lortu ditzake erakundeak. Kasu honetan, irizpide geografikoa hartu daiteke kontuan eta eskualde bakoitzean bizi diren biztanle kopurua kontuan hartuta, horietako bakoitzera bidali beharreko eskutitz kopurua zehaztuko da.
Prozesua udal mailan egiten bada, gonbidapenak bidaltzeko eta ondorengo zozketa zibikoa burutzeko erroldako datuak erabiliko dira. Datu horiek eskuratzeko, baimena eskatu eta bideragarritasun juridikoaren txostena osatu behar da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak honako dokumentu honetan zehaztu zuen datu pertsonalen babesari buruzko informazioa (hizkuntza formala erabiliz).
Tolosako Udalak hizkera formala egokitu zuen, eta Tolosako Herritar Batzarreko kideei honako dokumentu hau sinatzeko eskatu zien, beren irudi eta edukiak komunikazio helburuetarako erabili ahal izateko onartu edo bazter zezaten.
Gonbidapen gutuna behar bezala prestatzea oso garrantzitsua da erantzun tasa ahalik eta handiena ziurtatzeko.
Aginpide handiena duen pertsonak bidali eta sinatu behar ditu gonbidapenak. Presidentea, ministroa, alkatea, zuzendari nagusia edo antzekoak izan daitezke.
Hartzaileak batzarraren helburua ulertzeko eta prozesu osoarekin konpromisoa hartzeko moduan dagoen erabakitzeko adina informazio eskaini beharko du gutunak.
Gutun azalaren diseinua ere garrantzitsua da: itxura erakargarri eta hurbilekoa bilatuko da eta, aldi berean, ofiziala ere bai, jendeak ulertu dezan garrantzizkoa dela eta ireki behar dela. Gutun azalean erregistroa egiteko epea adieraztea lagungarri izan daiteke jendearen arreta erakartzeko. Testuingurua ere kontuan hartu behar da. Zenbait herrialdetan, komenigarria da gutun azalak gobernuaren komunikazioen itxura bera izatea. Beste batzuetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da eta itxura dibertigarri eta erakargarria lehenetsi behar da, ofizialtasunaren aurretik.
Hemen deskarga ditzakezu Gipuzkoako eta Tolosako Herritarren Batzarretan bidali ziren gutunak.
Gutuna ohiko galderen orri batez lagunduta bidaliko da, prozesuari buruzko xehetasunak argitzeko. Batzarkideei harrera bero eta erosoa egiteko aukera bat da. Batzarraren saioen inguruko informazio logistikoaz eta batzarraren funtzionamenduari buruzko argibideez gain, alderdi praktikoak aipatu daitezke (esaterako, nola jantzi behar duten, jasoko duten laguntza, etab.), eta bat egiteko kualifikazio berezirik behar ez dela azpimarratu daiteke, hau da, mundu guztia ongi etorria dela.
Hemen deskarga ditzakezu Gipuzkoako eta Tolosako Herritarren Batzarretan bidali ziren ohizko galderen dokumentuak.
Batzarkide potentzialei zuzendutako telefono zenbaki bat jartzea aproposa izan daiteke, sortzen zaizkien galdera guztiak egiteko. Era berean, batzarra abian den bitartean, batzarkideek horra deitu ahalko dute ere, agertzen diren arazoetarako laguntza eske. Normalean, antolatzailea arduratzen da horretaz.
Lehenengo gonbidapenari baiezkoa eman duten pertsonen zerrenda osatu dugunean, badira zozketa algoritmoak baliatzen dituzten zenbait plataforma digital fidagarri komunitatearen adierazgarria den amaierako taldea hautatzeko. Kode irekiko doako tresna hauetako bat erabiltzea gomendatzen dugu:
Batzarkideen beren esperientziak eta ikuspuntu propioak ekarriko dituzte prozesura, baina batzarrak jorratuko duen gaiari buruz ikasi beharko dute, informazio oinarri zehatz, zabal, esanguratsu, argi eta irisgarri bati esker. Ezinbestekoa da hori deliberazio eraginkorrerako, eta prozesu osoaren legitimitatea bermatzeko ere.
Edukien taldea arduratuko da oinarrizko informazioa prestatzeaz, zehazki: batzarkideekin hitz egingo duten adituen, arituen eta interes taldeen zerrenda bat sortuko dute eta informazio kit bat prestatuko dute.
Xehetasun gehiago irakurtzeko:
Askotariko ikuspuntuak islatzen duten adituen, arituen eta interes taldeen zerrenda bat prestatzea. Hori garrantzitsua da prozesuarekiko konfiantza sortzen duelako eta inor kanpo geratu ez dadila bermatzen duelako.
Gaiaren alderdi guztiak zehaztea: desadostasun edo eztabaidarako alor nagusietatik hasi, eta ikuspuntu aditu eta bizitako esperientzietara, guztiak kontuan hartzen direla ziurtatzeko.
Aditu eta interes taldeen aniztasuna kontuan hartzea, generoari, talde minoritarioei eta bestelako irizpideei dagokienez.
Adituak eta interes taldeak batzarkideen aurreko aurkezpenak egitera gonbidatzea, edo hitzaldia bideoan grabatzera. Guztiek denbora bera izan beharko dute.
Informazio kitak barne izango ditu: auziaren definizioa, galdera, batzarkideek eman beharreko erantzunak, testuingurua, uneko planteamendua eta egindako ahaleginak.
Testu argi eta irisgarria izango da, eta hizkera ulerterrazean eta jargoirik gabe idatziko da.
Erabakia hartzeko behar diren aurrekarien txosten guztiak barne izango ditu.
50-200 orrialde izango ditu (gaiaren konplexutasunaren arabera), auzia ahalik eta hoberen azaltzeko.
Batzarkideek batzarra garatu bitartean eskatzen dituzten aditu eta aritu gehigarrien aurkezpenetarako denbora ere gorde beharko da, ikuspunturen batek ordezkaritza txikiegia izan duela uste badute.
Batzarkideek nolabaiteko eragina izan behar dute prozesuan, eta beren aditu propioei deitzeko eta informazio iturriak iradokitzeko ahalmena eman behar zaie.
Hemen deskarga ditzakezu Gipuzkoako eta Tolosako Herritarren Batzarretan bidali ziren abiapuntuko informazio-txostenak.
Ikasteko eta informazioa prozesatzeko hainbat modu daude. Azken ikerketen arabera, jendeak hobe ikasten du edo informazioa hobe gogoratzen du harekiko duten interakzio fisikoaren arabera. Horren adibideak dira naturan ibiltzen ari diren bitartean gertatzen diren batzarkideen deliberazioak edo ideiak besteen aurrean bisualki adieraztea.
Aditu eta interes taldeen zerrenda eta informazio kita abiapuntua izango dira batzarkideen ikasmaterialak eta frogak prestatzeko. Beste elementu batzuk ere sartu daitezke, hala nola bertatik bertarako bisitak, jokoak eta ikasketa interaktiborako bestelako baliabideak.
Gogoratu ezagutza zientifikoak edo esperientziazko ezagutzak ez diren beste batzuk ere (adibidez, berezko ezagutzak edo ezagutza indigenak) ongi etorriak, baliagarriak eta preziatuak direla.
Herritarren Batzarra aretoan nola garatzen da