“Assembling an Assembly Guide” (Herritarren Batzarrak diseinatu eta antolatzeko gida) herritarren batzar bat egiteko interesa duen entitate, erakunde, toki administrazio edo erantzule politiko ororen eskura dagoen baliabidea da. Beren ekarpenak sendotzeko, herritarren batzar bat zer den eta nola funtzionatzen duen jakin nahi duten herritar eta gizarte eragileentzat ere tresna baliagarria da.
3 fasetan banatutako gida honek Herritarren Batzar bat diseinatzeko, inplementatzeko eta emaitzen arabera jarduteko eman beharreko urrats guztiak azaltzen ditu. Arretaz aukeratu diren baliabide erabilgarrietan oinarritzen da. Besteak beste, gaia aukeratu eta definitzea, aurrekontua ezartzea, egutegia prestatzea edo parte hartuko duten pertsonak hautatzea, gida honek prozesu osoa argitu eta erraztu egingo du.
Testua Democracy Next erakundeak sortu du eta ELGAren jardunbide egokiak barne hartzen ditu. ELGAren Demokrazia Deliberatiborako Tresna Multzoa (OECD Deliberative Democracy Toolbox) garatu zuten pertsonek sortutako ikerketa eta ekintzarako institutua da Democracy Next, irabazi-asmorik gabekoa eta independientea. Gida hau etengabe eguneratu eta aberastuko da baliabide berriekin.
Gida hau Arantzazulab-ek itzuli du, gobernantzaren eta demokraziaren berrikuntzarako laborategia. Arantzazulab-ek garai berri bat aktibatzeko misioa du, erakundeen eta herritarren arteko harremanetan sakonduz. Euskal demokraziaren berrikuntzaren epizentroa da, eta askotariko eragileek bat egiten dute bertan.
Gida osoa irakurri dezakezu jarraian, edo zuzenean atal hauetara salto egin:
Demokraziaren krisiaren inguruan etenik gabe aritu garen bitartean, gauza nabarmen eta itxaropentsu bat gertatu da gure aurrean: demokrazia mota berri bat errotzen hasi dela. Azken hamarkadetan, gobernuak Herritarren Batzarren onura bereganatzen aritu dira. Boterearekiko lotura eta legezko oinarria duten Herritarren Batzar horiek probatu, kasu askotan ezarri eta erabaki publikoak hartzeko prozesuetan ere txertatu izan dira, hartara eredu demokratiko berri bat osatuta.
Herritarren Batzar bat ausaz hautatutako pertsonen talde bat da zein komunitate baten adierazgarri den. Ordu kopuru esanguratsua ematen dute ikasten eta lankidetzan, deliberazio gidatu baten bitartez, oinarri komunak aurkitzeko, eta ordezkari politikoei, erabakiak hartzen dituztenei, eta komunitateari gomendio kolektiboak egiteko. Batzuetan, batzar hauek herritarren epaimahai, panel edo kontseilu izena hartzen dute, tamainaren eta herrialdearen arabera.
Atenaseko jardunbide zaharretatik datoz eta testuinguru modernoetan ere funtzionatzen dutela frogatu dute; herritarren batzarrak 600 aldiz baino gehiagotan erabili izan dira tokiko, eskualdeko, estatuko eta nazioarteko eskalan.
Herritarren Batzarrek arrakasta harrigarria izan dute auzi politiko konplexuak eta balioetan oinarritutako dilemak ebazteko; adibidez, sexu bereko ezkontzen eta abortuaren inguruko aldaketa konstituzionaletatik hasi eta hirigintza, energia garbi eta klima aldaketara iritsi arte.
Gobernantza sistemek ez dute lortu gizartearen premiazko zenbait arazori soluzioak aurkitzea, eta herritarren eta gobernuen arteko konfiantza zalantzan dago, horregatik, Herritarren Batzarrek berritze demokratikorako potentzial handia dute. Pertsona guztientzako espazio demokratikoak sortzen dituzte, bertan auzi politiko konplexuak konpontzen saiatzeko, elkarri entzuteko eta oinarri komunak aurkitzeko. Aldi berean, polarizazioa gainditzeko eta gizartearen kohesioa sendotzeko baldintza egokiak sortzen dituzte. Gizartearen adimen kolektiboa azaleratzen dute, pertsona anitz ugarik talde homogeneoagoek baino erabaki hobeak hartzen dituztelaren printzipioa.
ELGA-ren ikerketek ondorioztatu dutenez, behar bezala diseinatu diren Herritarren Batzarrek ordezkari politikoei laguntzen dizkiete erabaki zailak hartzen eta konfiantza areagotzen, arrazoi hauek direla eta:
Ezin dugu denbora galdu. Azken V-Dem txostenaren arabera, azken 35 urteetan, mundu osoko demokrazia 1986. urteko mailara itzuli da. 2022an, munduko biztanleriaren %72a herrialde autokratikoetan bizi zen. 2023ko Eldeman Trust Barometroak ondorioztatu du gobernua zela konfiantza gutxien sortzen zuen erakundea (% 50), enpresen (% 62) eta GKEen (% 59) aldean.
Herritarren artean, ausaz hautatutako Herritarren Batzarrekiko sostengua handia da eta gorantz doa. Frantzian, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Alemanian egindako 2020 Pew Global Attitudes inkestaren arabera, batez beste, lau herrialdeetako inkestatuen % 77k garrantzitsutzat jotzen dute gobernuek Herritarren Batzarrak sustatzea, herritarrei arazoak eztabaidatzeko eta estatuko legeen inguruko gomendioak egiteko aukera ematen baitzaizkie. Frantzia, Alemania, Erresuma Batua eta Italia barne hartzen dituen 2021 Sciences Po Political Trust barometroak ondorioztatutakoaren arabera, herritarren gehiengoak (% 55-71 artean) uste du gobernuek herritarren batzarrek emandako gomendioak aplikatzeko betebeharra izan beharko luketela.
Herritarren Batzarrak hiru printzipio nagusitan oinarritzen dira.
Parte hartzeko eskubidea eta erantzukizuna izateak esan nahi du mundu guztiak daukala pisuzko gaietan erabakitzeko aukera eta betebeharra. Partaidetzak borondatea eta duintasuna ematen die herritarrei, aitortu egiten baita mundu guztiak duela komunitatean inpaktua duten erabakietan eragiteko gaitasuna eta eskubidea.
Ausazko ordezkaritzari (zozketa zibikoa) esker, berdintasuna lortzen da botere politikoan. Herritarren talde anitz, inklusibo eta adierazgarria sortzeko modu zuzena eta bidezkoa da. Deliberazio sakon eta esanguratsu bat antolatzeko, parte hartuko duten pertsonen taldea nahiko txikia izan behar da: 35 eta 150 kide artekoa, normalean. Herritarrak ausaz aukeratuko dira, adinaren, generoaren, bizilekuaren eta testuinguru sozioekonomikoaren moduko irizpideen araberako osaera demografiko anitza bermatuz. Honela, gizarteko kide desberdinen ikuspegien, ikuspuntuen eta bizitako esperientzien dibertsitatea islatzea eta komunitate horren adierazgarritasuna bermatzea lortzen da. Era berean, errotazioa ere ziurtatu behar da, hau da, ordezkatzeko eta ordezkatuak izateko txandaka aritzea. Izan ere, ezin dugu denok erabaki guztietan parte hartu aldi berean.
Deliberazioak elkarrizketa eta eztabaida behar ditu, baina baita ikerketa, entzute aktiboa eta askotariko argudio eta iritziak modu begirunetsuan kontuan hartzea ere. Informazioa zehatza eta esanguratsua izan behar da eta denbora egokia ere, deliberazioak gaiaren muinera iristeko aukera izan dezan. Herritarrek konplexutasuna argitzeko, adimen kolektiboa baliatzeko eta alderdi komunak aurkitzeko baldintza egokiak sortu behar dira. Era berean, legitimazioa ematen zaie sistema demokratikoaren erabaki publikoei.
Emmanuel Macron presidenteak, 2023ko apirilean, Jauregi Presidentzialera gonbidatu zituen batzarkideak, beren gomendioak jasotzeko. Herritar hauek ondorioztatu zuten Frantziako legeria aldatu beharra zegoela, suizidio lagundua eta eutanasia ahalbidetzeko. Gomendioetan hainbat xehetasun jaso ziren, hala nola zein baldintza eman behar ziren hori posible egiteko, sarbide inklusiboa, beharrezko aurrekontu baliabideak, zainketa aringarrietarako inbertsioa, osasun arloko langileen baldintzak hobetzea, gai hauei buruzko ikerketa areagotzea eta informazio publikoa hobetzea.
Macron presidenteak esan zuen batzarkideek Herritarren Batzarren berrikuntza demokratikoa “hobetzea eta perfekzionatzea” lortu zutela. Beste auzi batzuk jorratzeko batzar gehiago antolatuko zituela agindu zuen eta batzarkideen gomendioak 2023ko uda amaieran indarrean sartuko zen legeria berriaren oinarri izatea nahi zuela esan zuen.
Irakurri gehiago batzarrari buruz
DemNext hausnarketa bizitza amaierari buruzko Frantziako Herritarren Batzarraren inguruan
Adibide nagusien artean daude sexu bereko ezkontzei eta abortuari buruzko gai konstituzionalen inguruko batzarrak. Herritarren batzarretako 100 kideek erreferendumak egitea gomendatu zioten gobernuari, gai horiei eragiten dieten konstituzioaren aldaketak aurrera eraman zitzan aldarrikatuz. Era berean, jendeak aldaketaren aldeko botoa ematekotan (2018an gertatu zen moduan), legeria aldatzeko proposamenak ere egin zituzten.
Gainera, Irlandan, Herritarren Batzarrak antolatu dira klima aldaketari eta genero berdintasunari buruz. Uneko gobernuaren programak legegintzaldian lau Herritar Batzar antolatzeko konpromisoa zehazten du. Batzar horietako bi dagoeneko burutu dira (Biodibertsitate Galerari buruzko Herritarren Batzarra eta Dublineko Batzarra), drogen kontsumoari buruzko hirugarrena abian da, eta azken Herritarren Batzarra aurreikusitako datan antolatuko da.
Udalari atxikitako eta elkarri lotutako zenbait Herritarren Batzarrek osatzen duten sistema bat da. Batzar bakoitza zozketa zibikoaren bidez hautatutako biztanleriaren adierazgarria den pertsona talde batek osatzen du. Lehenengo hiru batzarrek Bogotak dituen hirigintza erronkei aurre egiteko modua aztertu zuten, hiria bizitzeko atseginagoa izan dadin. Lehenengo batzarrak zozketa zibikoaren bidez izendatutako 110 kide izan zituen eta helburu nagusiak identifikatzeaz arduratu zen. Bigarren batzarrak 60 kide izan zituen (horietako 18 lehenengo batzarretik zetozenak, jarraitasuna bermatzeko) eta helburu horiek gomendio politiko zehatzetan islatzeko ardura izan zuten. Hirugarren batzarrak 70 kide izan zituen (horietako 25 aurreko batzarrekoak) eta gomendioak berrikusteko eta are gehiago zehazteko eginkizuna bete zuen.
Herritarren Batzarra zozketa zibikoaren bidez hautatutako 24 herritarrek osatzen dute eta 18 hilabeteko agintaldia dauka. Agenda politikoa zehazteko ahalmena dauka, izan ere, ad hoc Herritarren Panelak sortu ditzake urtero, lehentasun handieneko gai politikoen inguruan. Herritarren Panel bakoitzak ausaz hautatzen diren 25-50 kide inguru ditu, eta hiru hilabetetan hiru aldiz biltzen dira gutxienez parlamentuari zuzendutako gomendio partekatuak garatzeko. Herritarren taldeen gomendioek parlamentuko batzorde batetik igaro behar dute, eta tokiko parlamentuak taldearen gomendioak eztabaidatu eta horiei erantzuteko betebeharra dauka.
Eredu honen bitartez orain arte jorratu diren gaien artean daude:
- Osasun arloko langileen lan baldintzak hobetzea.
- Arrazoizko preziodun etxebizitzen krisia konpontzea.
- Bizitza osoan zehar ikasteko sistema hobetzea.
- Testuinguru migratzaileetatik datozenen integrazioa hobetzea komunitatean.
- Komunitateko kideen trebetasun digitalak hobetzea.
Ostbelgien Ereduaren funtzionamendua 2018. urtean parlamentuak aho batez onartu zuen legerian oinarritzen da. Eredu hau antzeko deliberazio batzar integratuak sortzeko inspirazioa izan da, hala nola Parisko Herritarren Batzarra eta Klima Aldaketari buruzko Bruselako Herritarren Batzarra. Bi batzar hauek ere legezko testuen babesa daukate, iraunkorrak dira eta batzarkideak txandakatzen dira zehaztutako maiztasunarekin.
2022ko urrian zozketa zibikoaren bidez, alegia, ausaz edo modu aleatorioan, Tolosako 32 herritar hautatuak izan ziren Herritarren Batzarrean parte hartzeko.
32 batzarkideek 2022ko urritik eta abendura bitartean 40 ordutan deliberatu egin zuten, betiere, udalak abiapuntuan proposatutako galderari erantzuteko: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?
2022ko abenduaren 17an batzarkideek 14 gomendio aurkeztu zizkioten Tolosako Udalari. 2023ko martxoaren 25ean udal ordezkariek gomendio bakoitzari erantzun zioten eta 2023an gomendioen inplementazioan dihardu Tolosako Udalak, eta 2023ko azaroaren 4an lehen itzultze-saioa izan da.
Aukeratutako 32 batzarkideek 40 orduko deliberazio-prozesuan parte hartu zuten 2022ko azaroa eta 2023ko urtarrila bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako erronkari erantzun eta proposatutako galderari gomendioak egiteko: Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?
Urtarrilaren 14ko saioan Gipuzkoako Herritarren Batzarreko batzarkideek Gipuzkoako Batzar nagusietan burututako azken deliberazio saioan 9 gomendio luzatu zizkioten Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Martxoaren 14an Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutako 9 gomendioei erantzuna jaso zuten batzarkideek, foru erakundeak Herritarren Batzarra deitzean hartutako konpromisoa betez.
Adibide gehiago:
Herritarren Batzarretan parte hartzen duten pertsonek diotenez, parte hartze horrek beste pertsona batzuen ikuspuntuak eta erabaki publikoak hartzeko prozesua hobe ulertzen laguntzen du, eraginkortasuna hobetu eta herritar aktiboak izateko duten gaitasunean sinesteko aukera emateaz gain. Kasu askotan, bizitza aldatzeko moduko esperientzia izaten da.
Hona hemen Herritarren Batzarretako kideen testigantzak:
Deliberazioa gauzatzeko diseinu-prozesua